ALBISTEAK

ARCk Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat Gipuzkoako Azpiegitura Berdearen Sarea garatzen du

Oztopo ekologikoak ezabatzea eta ekosistemek beren burua arautzeko dituzten mekanismo naturalak babestea funtsezkoak dira lurraldea klima-aldaketara egokitzeko, hondamendi naturalak prebenitzeko, biodibertsitatea kontserbatzeko eta gure ongizateari eusteko.

 

Zeregin horretan, funtsezkoa da azpiegitura berdeen sarea finkatzearen aldeko apustua egitea; izan ere, eremu edo elementu horiek, ekosistemek eskaintzen dizkiguten zerbitzu ugariei balioa emateaz gain (aire eta ur garbiak, elikagaiak, baliabide naturalak, erosotasuna eta ongizatea, arrisku naturalen prebentzioa, dibertsitate naturala, etab.), konektibitate ekologikoa eta lurralde-erresilientzia errazten dituzte.

 

Premisa hori aintzat hartuta, ARC Ingurumen Aholkularitzan, Anthesis Lavolaren laguntzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat "Gipuzkoako Azpiegitura Berdearen Sarea Planifikatzeko Diagnostikoa (GABS)" proiektua garatu dugu. Proiektu horren ondorioz, tresna indartsu bat sortu da, ekosistemek ematen dizkiguten zerbitzuak lehengoratzeko eta indartzeko jarduketak planifikatzeko, biodibertsitate galeraren aurka borrokatzeko eta gure lurralde ekologikoak identifikatzeko.

 

Mapa diagnóstico Infraestructuras verdes

 

Horretarako, urrats hauek eman ditugu:

 

  1. Abiapuntu gisa, GABS osatzen duten elementuak identifikatu, mugatu eta ezaugarritzeko gai den metodologia propioa garatu da. Prozesu horretan, kontuan hartu dira Gipuzkoako paisaia-mota handietan dauden funtzio anitzeko espazio interesgarri guztiak, itsasertzekoak eta mendikoak, baita landa- eta hiri-inguruneetakoak ere. Halaber, gune horiek lotzen dituzten korridore ekologikoak aztertu dira, baita ur-ibilguak, hezeguneak eta gainerako ur-masak ere.

  2. Aurrekoaren ondorioz, Funtzionalitate Ekologikorako Intereseko 103 Gune (FEIG) identifikatu dira, eta horien deskribapena eta arazoak banakako fitxetan jaso dira.

  3. Behin FEIGak identifikatuta, sarea finkatzen eta sustatzen lagunduko luketen hobekuntza-jarduketak behar dituzten arloak aztertu dira. Horietatik, guztira 32 hobekuntza-eremu hautatu dira, eta fitxa deskribatzaileak eta banakako hobekuntza-proposamenak ere egin dira.

  4. Partaidetza kolektiboak eta udalek sarea bultzatu eta gauzatzeko duten zereginaren garrantziaz jabetuta, zenbait irizpide eta plangintza- eta kudeaketa-proposamen garatu dira, GABSa lurraldean integratzen eta sustatzen laguntzeko eta herritarren ezagutza, inplikazioa eta parte-hartzea sustatzeko.

  5. Aurrekoaren ildotik, FEIG guztiak eta hobetu beharreko eremuak mapa kartografiko batean irudikatu dira. Mapa hori kontsulta publikoaren bisorera irauli da, fitxak eroso eta erraz eskuratzeko.

 

Egindako lanaren bisorea eta emaitzak oraintsu argitaratu dira GFAren webgunean (https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ingurumena/azpiegitura-berdea-atalaren-egitura/gipuzkoako-azpiegitura-berdearen-sarearen-proposamena).​